top of page
Buscar

2026ko Kanpa: Navaleno

22 ago
2 min de lectura

Kaixo, Aratz <3 


Zer moduz zaudete? Gu oporretan, ikasturte berriari hasiera eman arte behintzat. Aurtengoari itxiera emateko asmoa dugu blog honen bidez. Beraz, hondartza, igerileku, mendi edo lanean zaudetela, espero dugu irakurketa hau goxoa izatea.


Uztailaren 15a iritsi eta alarmak jo aurretik denok esna ginen. Motxilan hortz eskuila eta azken gauzak gorde eta 9:00etan Xantin genuen hitzordua. Autobuseko bidaia luze samarra izan arren, kanpara iristeko irrikaz ginenez oso azkar pasa zitzaigun. Ohartzerako, atxurrak eskuartean, letrina, fregadero eta zanjak egiten hasi ginen. Izerditan blai amaitu genuen denok lehen eguna, eskerrak pinudiak tarteka itzal pixka bat oparitzen zigun. Bigarren eguna ere beroa izan zen: ongi etorri Soriara! Goizean muntaiari azken ukituak eman eta adarka ekintzetan murgildu ginen arratsaldean.


Aurtengo kanpaldirako Soriako probintziara joan gara, zehazki, Navaleno herriko La Soltilla eremua izan dugu kanpaleku. Kanpako gune batetik bestera joateko tunel bat igaro behar zen, kanpa muino txiki batek erdibitzen baitzuen. Egunez frexko-frexko egoten zen tunel barruan, baina gauez… denok kikilduta joaten ginen dendetara gaubela ostean, ze beldurra! Tuneleko sarreran bertan bagenituen, nola ez, Ikurriña eta Palestinako bandera. Herrien elkartasuna gogoan izateko beti. 



Koxkorrek Navaleno ezagutzeaz gain, Basakabira ere egin dute bidaia, Go!azen izan baitute kanpako gaia. Bi taldetan banatuta, basapiztiak eta izartxoak, gainditu beharreko ikasgaiak desblokeatu dituzte ekintza ezberdinen bitartez. Besteak beste, norberak bere pasaportea diseinatu zuen, argazki eta guzti; baita uniforme panpoxak ere!



Oinarinek muki bana daramate sudurretik zintzilik. Eskaut akademian izena eman eta gaitasun ezberdinetan trebatu dira kanpan zehar: abiadura, adimena, indarra eta beste asko. Hori bai, bakoitzak bere izen pertsonalizatua zuen: kastore otakua, antxoa gazia, urtxintxa dibertigarria, izurde distiratsua… a ze kuadrila! Gainera, adarkide jator eta lagunkoiena saritzeko eskaut gorena izendatu dute egunero.



Azkarrei dena datorkie ondo: Navalenoko I. volley txapelketa, pultsera pertsonalizatu tailerra, Gerra Zibila ezagutzeko mahai jolasa edo beauty and nail salon. Haien gustokoena, noski, hamaketan siesta botatzea, horretan badira espabilatuenak! Argazkigintzan ere iaioak dira, eta argazki ederrak atera dituzte kanpako momentu ahaztezinak betikotzeko. 



Trebe hauek ohitura dute ekintzak binaka antolatu eta gainontzekoei ekintza sorpresak egiteko. Jostun bikainak direla demostratu digute, kamisetak tuneatzen ibili baitira, abalorio eta guzti. Koxkor eta oinarinekin ere batu dira, ekintza dibertigarriak antolatu dizkietelako. Zuek bai eskuzabalak!


Soriako Lorentzok ez du atsedenik hartu aurtengo rutan. Are gehiago, bero oldeak bete-betean harrapatu gaitu. Baina horrek ez digu amore ematea eragin, ezta gutxiago ere! Herri ederrak ezagutu ditugu: Cabrejas del Pinar, San Leonardo de Yagüe, Salduero, Vinuesa… bainatzeko aukerarik ere ez dugu galdu, gure resort pribatua izan baita Playa Pita. Koxkorrek erronka bezala jarri zuten egunero gutxienez 10km egitea, eta 20km egitera ere iritsi dira! Zuek bai txapeldunak! Oinarinak ere fin ibili dira, hori bai, ur falta somatu dute kantinploratik behar baino gehiago edan duelako baten batek. Azkarrak izan dira urrutien iritsi direnak, hori bai sasoia. Eta trebeak herriz herri eta festarik festa, nola ez. 


Kanpari txiera polita eman genion Ategon antolatu genuen azken gaubelan. Ez zitzaigun ezer falta: trebeen antzerkia, kanta eta dantzak, paseak, begiraleei agurra eta, noski, takoteaaa poropopopopopopo. Aurtengo kanpa uste genuena baino lehenago amaitu behar izan arren, elkarrekin bizitako momentuak guretzako dira, maitasunez partekatu ditugunak eta nostalgiaz oroituko ditugunak. Eskerrik asko guztioi bihotz bihotzez eta laister ikusiko dugu elkar berriro ere.


Lepoan hartu ta segi aurrera, haria ez dadin eten. 


Muxu potolo <3


 
 
 

Comentarios


bottom of page