top of page
Buscar

Kaixo, Aratz <3 


Zer moduz zaudete? Gu oporretan, ikasturte berriari hasiera eman arte behintzat. Aurtengoari itxiera emateko asmoa dugu blog honen bidez. Beraz, hondartza, igerileku, mendi edo lanean zaudetela, espero dugu irakurketa hau goxoa izatea.


Uztailaren 15a iritsi eta alarmak jo aurretik denok esna ginen. Motxilan hortz eskuila eta azken gauzak gorde eta 9:00etan Xantin genuen hitzordua. Autobuseko bidaia luze samarra izan arren, kanpara iristeko irrikaz ginenez oso azkar pasa zitzaigun. Ohartzerako, atxurrak eskuartean, letrina, fregadero eta zanjak egiten hasi ginen. Izerditan blai amaitu genuen denok lehen eguna, eskerrak pinudiak tarteka itzal pixka bat oparitzen zigun. Bigarren eguna ere beroa izan zen: ongi etorri Soriara! Goizean muntaiari azken ukituak eman eta adarka ekintzetan murgildu ginen arratsaldean.


Aurtengo kanpaldirako Soriako probintziara joan gara, zehazki, Navaleno herriko La Soltilla eremua izan dugu kanpaleku. Kanpako gune batetik bestera joateko tunel bat igaro behar zen, kanpa muino txiki batek erdibitzen baitzuen. Egunez frexko-frexko egoten zen tunel barruan, baina gauez… denok kikilduta joaten ginen dendetara gaubela ostean, ze beldurra! Tuneleko sarreran bertan bagenituen, nola ez, Ikurriña eta Palestinako bandera. Herrien elkartasuna gogoan izateko beti. 



Koxkorrek Navaleno ezagutzeaz gain, Basakabira ere egin dute bidaia, Go!azen izan baitute kanpako gaia. Bi taldetan banatuta, basapiztiak eta izartxoak, gainditu beharreko ikasgaiak desblokeatu dituzte ekintza ezberdinen bitartez. Besteak beste, norberak bere pasaportea diseinatu zuen, argazki eta guzti; baita uniforme panpoxak ere!



Oinarinek muki bana daramate sudurretik zintzilik. Eskaut akademian izena eman eta gaitasun ezberdinetan trebatu dira kanpan zehar: abiadura, adimena, indarra eta beste asko. Hori bai, bakoitzak bere izen pertsonalizatua zuen: kastore otakua, antxoa gazia, urtxintxa dibertigarria, izurde distiratsua… a ze kuadrila! Gainera, adarkide jator eta lagunkoiena saritzeko eskaut gorena izendatu dute egunero.



Azkarrei dena datorkie ondo: Navalenoko I. volley txapelketa, pultsera pertsonalizatu tailerra, Gerra Zibila ezagutzeko mahai jolasa edo beauty and nail salon. Haien gustokoena, noski, hamaketan siesta botatzea, horretan badira espabilatuenak! Argazkigintzan ere iaioak dira, eta argazki ederrak atera dituzte kanpako momentu ahaztezinak betikotzeko. 



Trebe hauek ohitura dute ekintzak binaka antolatu eta gainontzekoei ekintza sorpresak egiteko. Jostun bikainak direla demostratu digute, kamisetak tuneatzen ibili baitira, abalorio eta guzti. Koxkor eta oinarinekin ere batu dira, ekintza dibertigarriak antolatu dizkietelako. Zuek bai eskuzabalak!


Soriako Lorentzok ez du atsedenik hartu aurtengo rutan. Are gehiago, bero oldeak bete-betean harrapatu gaitu. Baina horrek ez digu amore ematea eragin, ezta gutxiago ere! Herri ederrak ezagutu ditugu: Cabrejas del Pinar, San Leonardo de Yagüe, Salduero, Vinuesa… bainatzeko aukerarik ere ez dugu galdu, gure resort pribatua izan baita Playa Pita. Koxkorrek erronka bezala jarri zuten egunero gutxienez 10km egitea, eta 20km egitera ere iritsi dira! Zuek bai txapeldunak! Oinarinak ere fin ibili dira, hori bai, ur falta somatu dute kantinploratik behar baino gehiago edan duelako baten batek. Azkarrak izan dira urrutien iritsi direnak, hori bai sasoia. Eta trebeak herriz herri eta festarik festa, nola ez. 


Kanpari txiera polita eman genion Ategon antolatu genuen azken gaubelan. Ez zitzaigun ezer falta: trebeen antzerkia, kanta eta dantzak, paseak, begiraleei agurra eta, noski, takoteaaa poropopopopopopo. Aurtengo kanpa uste genuena baino lehenago amaitu behar izan arren, elkarrekin bizitako momentuak guretzako dira, maitasunez partekatu ditugunak eta nostalgiaz oroituko ditugunak. Eskerrik asko guztioi bihotz bihotzez eta laister ikusiko dugu elkar berriro ere.


Lepoan hartu ta segi aurrera, haria ez dadin eten. 


Muxu potolo <3


 
 
 
26 jun
1 min de lectura

Kaixo, Aratz!


Eskola amaitu eta udara gainean dugu dagoeneko. Eta zer esan nahi du horrek? Ba kanpa bertan daukagula! Irrikaz gaude Navalenora joateko, baina hori baino lehen eta ikasturteari amaiera emate aldera, Santa Klara irlan egunpasa egin genuen atzo. Bero olde itogarria izan dugu egunotan, eskerrak frexkatzeko aukera izan genuen!



Goizeko hamarretan puntu-puntuan kaian elkartu ginen eta Aitona Julian itsasontzia hartzera abiatu. Iristerako hamar t'erdiak pasatxo izan arren, denok genuen bainatzeko premia. Beraz, belardian motxilak utzi, eguzkitik babesteko krema ondo eman eta uretan murgildu ginen.



Eguna jolasean pasa genuen, uretan zein lehorrean, eguraldiak utzi zigun arte: izan ere, galerna iragarrita baitzegoen arratsalderako eta, haizea altxatu zenean, kaira itzultzea erabaki genuen. Hala ere, tartea izan genuen Trini plazan jolasekin jarraitu eta, urtero lez, izozki goxoak dastatzeko. Gainera, eguna borobiltzeko azkarrak iritsi ziren beren mertxandising esklusiboarekin. Ederrak kamisetak!


Esandakoa, Aratz: kanpa iristear da. Beraz, atera armairutik mendiko bota, bisera eta esterilak! Oso laister sutondoan elkartuko gara-eta.


Aio!! <3

 
 
 

Iepe, Aratz! 


Irteeratik itzuli ostean eskolara buelta beti izaten da gogorra, baina oraingoan bereziki. Zer gustora egon garen Lasturren zaldi eta asto artean! Orain arte ez dugu Lasturren eguzki izpirik ikusi, beti gabonetan joan izan garelako eta haranaren sakontasunak ez diolako argiari tokirik egin nahi izaten. Apirileko egunak beste kontu bat dira, eta oro har eguraldia gure alde eduki dugu egunotan. Ateri ala euri, zuek zarete gure ainubian eguzki <3



Ostegunean Xanti tabernan geratu ginen autobusa hartzeko, betiko lez. Segituan iritsi ginen Lasturrera eta girotzeko denok batera jolasten hasi ginen: polizia eta lapurrak, brillet eta beste asko. Eguerdian etxetik ekarritako bokata bazkaldu eta arratsaldean adarka banatu ginen ekintza ezberdinak egiteko. 



Koxkorrei Azkarrek antolatu zieten ekintza, eta begiraleen aurka aritu ziren “artista onenen bila” leihaketan. Koxkorrak izan ziren garaile, noski, eta amaieran “zer da Aratz guretzat?” margolana sortu zuten denen artean. Baliteke laister honen berri izatea zuek ere, egon adi! Trebeak ere margolariak izan ziren arratsalde batez: gai politiko-sozial zein pertsonalak islatu zituzten beren mihise zurietan. Oinarinak olinpiadetan murgildu ziren: altuera-jauzia, luzera-jauzia, boloak… edozertan moldatzen dira ondo gure gaztetxoak, eta primeran pasatzen ere adituak dira. 












Hurrengo goizean kolakau beroa gosaldu indarrak hartzeko eta ekintzekin jarraitu genuen. Koxkorrak margolari izatetik aktore izatera pasa ziren eta horretarako behar dituzten trebetasunak eskuratu zituzten goizean zehar. Arratsaldean Oskar gala izan zuten, bankete eta guzti. Pelikula onenaren saria XXI. mendean ekoizitako euskal film bikainenari eman zioten: Go!azen pelikula. 











Oinarinek fruta ezberdinak biltzen pasa zuten goiza, sandia potolora iritsi arte. Gero, arratsalderako baliagarriak izango ziren objektuak lortu zituzten subasta misteriotsuan. Arratsaldean taldeka banatu eta minijoku ezberdinetan leihatuz, eskailera gorenera iristen saiatu ziren. Irabazitako joku bakoitzeko koska bat gehiago, dinamika erraza; frogak, ordea, ez hainbeste, baten bat puzzleekin trabatu baitzen. Grabatzen ari diren bideokliperako ere koreografiak asmatu zituzten, motibazio argiarekin: antzerkia egin behar izatea saihestea. 



Azkarrek brownie goxoak sukaldatu zituzten bikoteka, baina zailtasun txiki batekin: talde bateko bikoteak bi eskuak elkarlotuta izan zituzten; beste taldean, aldiz, batek ezin hitz egin eta besteak A bokala erabiliz bakarrik. A zer panorama! Hori bai, browniak primerakoak. Arratsaldean Lasturreko ingurua ezagutzera abiatu ziren eta zelai batean eseri ziren hausnarketa pertsonalak egitera. Eskertzen da noizean behin norberak motxilan daraman zama hitzetan jarri eta besteekin partekatzea. Are gehiago bista paregabe horiekin. 



Trebeek ere ibilalditxo bat egin zuten inguruko mendietatik eguraldi ona aprobetxatuta. Itziarrera joan nahi baina azkenean bidean trabak topatu zituztenez, Deba aldera jo zuten. Bat ala beste, paseo ederra. Arratsaldean pizzak prestatu eta bunker jolasean zehar jan zituzten. Sukaldari apartak dira hauek ere! Badirudi irteera honetan lanbide ezberdinak probatzen aritu garela adar ezberdinetan. Baina noski, Aratzen argi dugu duintasuna ez digula lanak ematen!



Espero ez genuen bisita bat ere izan genuen: Euskal Herriko Itzulia! Eibar-Eibar etapan Lasturretik igaro ziren txirrindulariak eta, hantxe egon ginen partaideak txalotu eta animatzen. Aupa txirrindulari! 










Hurrengo eguna denontzat bereziena izan zen: talde eguna. One piece telesaileko Luffy, Zoro, Nami, Sanji eta Usoppek egin ziguten bisita eta pirata izatea zer den erakutsi ziguten. Banan-banan irakatsi zizkiguten Lastotxapel eskifaia-n sartzeko behar diren gaitasunak goizean zehar. Elkar ezagutu ondoren, arratsaldean haiekin konfiantza pixka bat hartu genuen. Haientzako garrantzitsuak ziren objektuak saltzen aritu gintzaizkien, marineengandik ihesi. Ostera, antzerkirako mozorro eta esaldiak eskuratu genituen piraten subastan, baita eguneko garrantzitsuena ere: One Piece-a aurkitzeko mapak. Talde bakoitza bere maparekin bila hasi zen. Aurkitzerakoan, baina, hutsik zegoela konturatu ginen. Nork lapurtuko ote zuen? Gaueko antzerkian argitu zen misterioa: debate zukutsu baten ostean, Luffyk kamera guztien aurrean aitortu zigun bere lagunak zirela benetako One Piece-a, eta haiekin bizitako momentuak zirela bere benetako altxorra. 



Horra arte oraingoz, Aratz. Lasturko plazan pasodoblerik ez, baina zer ondo pasa dugun. Mila esker denoi benetan, ezingo ditugu egun hauek ahaztu. Hirugarren hiruhilekoari ekingo diogu aste honetan eta, ohartzerako, kanpa iritsiko zaigu. Gogotsu zaudete? Gu ikaragarri! 


Muxuuuuuu <3



 
 
 
bottom of page