top of page
Buscar

2026ko Aste Santua: Lastur

Iepe, Aratz! 


Irteeratik itzuli ostean eskolara buelta beti izaten da gogorra, baina oraingoan bereziki. Zer gustora egon garen Lasturren zaldi eta asto artean! Orain arte ez dugu Lasturren eguzki izpirik ikusi, beti gabonetan joan izan garelako eta haranaren sakontasunak ez diolako argiari tokirik egin nahi izaten. Apirileko egunak beste kontu bat dira, eta oro har eguraldia gure alde eduki dugu egunotan. Ateri ala euri, zuek zarete gure ainubian eguzki <3



Ostegunean Xanti tabernan geratu ginen autobusa hartzeko, betiko lez. Segituan iritsi ginen Lasturrera eta girotzeko denok batera jolasten hasi ginen: polizia eta lapurrak, brillet eta beste asko. Eguerdian etxetik ekarritako bokata bazkaldu eta arratsaldean adarka banatu ginen ekintza ezberdinak egiteko. 



Koxkorrei Azkarrek antolatu zieten ekintza, eta begiraleen aurka aritu ziren “artista onenen bila” leihaketan. Koxkorrak izan ziren garaile, noski, eta amaieran “zer da Aratz guretzat?” margolana sortu zuten denen artean. Baliteke laister honen berri izatea zuek ere, egon adi! Trebeak ere margolariak izan ziren arratsalde batez: gai politiko-sozial zein pertsonalak islatu zituzten beren mihise zurietan. Oinarinak olinpiadetan murgildu ziren: altuera-jauzia, luzera-jauzia, boloak… edozertan moldatzen dira ondo gure gaztetxoak, eta primeran pasatzen ere adituak dira. 












Hurrengo goizean kolakau beroa gosaldu indarrak hartzeko eta ekintzekin jarraitu genuen. Koxkorrak margolari izatetik aktore izatera pasa ziren eta horretarako behar dituzten trebetasunak eskuratu zituzten goizean zehar. Arratsaldean Oskar gala izan zuten, bankete eta guzti. Pelikula onenaren saria XXI. mendean ekoizitako euskal film bikainenari eman zioten: Go!azen pelikula. 











Oinarinek fruta ezberdinak biltzen pasa zuten goiza, sandia potolora iritsi arte. Gero, arratsalderako baliagarriak izango ziren objektuak lortu zituzten subasta misteriotsuan. Arratsaldean taldeka banatu eta minijoku ezberdinetan leihatuz, eskailera gorenera iristen saiatu ziren. Irabazitako joku bakoitzeko koska bat gehiago, dinamika erraza; frogak, ordea, ez hainbeste, baten bat puzzleekin trabatu baitzen. Grabatzen ari diren bideokliperako ere koreografiak asmatu zituzten, motibazio argiarekin: antzerkia egin behar izatea saihestea. 



Azkarrek brownie goxoak sukaldatu zituzten bikoteka, baina zailtasun txiki batekin: talde bateko bikoteak bi eskuak elkarlotuta izan zituzten; beste taldean, aldiz, batek ezin hitz egin eta besteak A bokala erabiliz bakarrik. A zer panorama! Hori bai, browniak primerakoak. Arratsaldean Lasturreko ingurua ezagutzera abiatu ziren eta zelai batean eseri ziren hausnarketa pertsonalak egitera. Eskertzen da noizean behin norberak motxilan daraman zama hitzetan jarri eta besteekin partekatzea. Are gehiago bista paregabe horiekin. 



Trebeek ere ibilalditxo bat egin zuten inguruko mendietatik eguraldi ona aprobetxatuta. Itziarrera joan nahi baina azkenean bidean trabak topatu zituztenez, Deba aldera jo zuten. Bat ala beste, paseo ederra. Arratsaldean pizzak prestatu eta bunker jolasean zehar jan zituzten. Sukaldari apartak dira hauek ere! Badirudi irteera honetan lanbide ezberdinak probatzen aritu garela adar ezberdinetan. Baina noski, Aratzen argi dugu duintasuna ez digula lanak ematen!



Espero ez genuen bisita bat ere izan genuen: Euskal Herriko Itzulia! Eibar-Eibar etapan Lasturretik igaro ziren txirrindulariak eta, hantxe egon ginen partaideak txalotu eta animatzen. Aupa txirrindulari! 










Hurrengo eguna denontzat bereziena izan zen: talde eguna. One piece telesaileko Luffy, Zoro, Nami, Sanji eta Usoppek egin ziguten bisita eta pirata izatea zer den erakutsi ziguten. Banan-banan irakatsi zizkiguten Lastotxapel eskifaia-n sartzeko behar diren gaitasunak goizean zehar. Elkar ezagutu ondoren, arratsaldean haiekin konfiantza pixka bat hartu genuen. Haientzako garrantzitsuak ziren objektuak saltzen aritu gintzaizkien, marineengandik ihesi. Ostera, antzerkirako mozorro eta esaldiak eskuratu genituen piraten subastan, baita eguneko garrantzitsuena ere: One Piece-a aurkitzeko mapak. Talde bakoitza bere maparekin bila hasi zen. Aurkitzerakoan, baina, hutsik zegoela konturatu ginen. Nork lapurtuko ote zuen? Gaueko antzerkian argitu zen misterioa: debate zukutsu baten ostean, Luffyk kamera guztien aurrean aitortu zigun bere lagunak zirela benetako One Piece-a, eta haiekin bizitako momentuak zirela bere benetako altxorra. 



Horra arte oraingoz, Aratz. Lasturko plazan pasodoblerik ez, baina zer ondo pasa dugun. Mila esker denoi benetan, ezingo ditugu egun hauek ahaztu. Hirugarren hiruhilekoari ekingo diogu aste honetan eta, ohartzerako, kanpa iritsiko zaigu. Gogotsu zaudete? Gu ikaragarri! 


Muxuuuuuu <3



 
 
 

Comentarios


bottom of page