top of page
Buscar

2025eko gabonak: Beizama

Kaixo, Aratz! 2025a amaitzear da jada eta urte berria ate joka dugu. Zenbat momentu bizi ditugun aurten Aratzen! Amaitzea nahi ez dugun jolas eta gaubelak, talde egun dibertigarriak, izarren azpian igarotako gauak… Datorrenean aurten bezainbeste elkartzen lortzea da guk urte berriari eskatuko dioguna. Eta zuek, zer asmo dituzue 2026ari begira? Iristeko irrikitan gauden arren, ezin urteari agur esan gabonetako irteerari errepasotxo bat egin gabe. Beizaman egon gara abenduaren 26tik 29ra. Herri txiki samarra da, baina guk ederki aprobetxatu ditugu jolasteko espazio guztiak, baita inguruko mendixkak ere. 



Autobusetik jaitsi eta izugarrizko hotza egiten zuen. Hortaz, berotasunean sartzeko jolasten aritu ginen denok elkarrekin: muxustop, bulldog, brillet… eta eguerdi aldera indarberritzeko bokata goxoa. Arratsaldean adarka banatu eta bakoitzak bere ekintza egin zuen. Koxkorrek San Ferminak ospatu zituzten, zapi pertsonalizatu eta guzti. Gainera, gaubelan argi utzi ziguten denok garela ongietorriak haien plastikozko antzokian. Oinarinak taldeka banatu eta buruari eragin zioten pista joku uste baino konplikatuago batetan. Azkarrak eurek prestatutako “kode sekretua” jolasean ibili ziren, eta baten bat pikatu zen arren, oso ongi pasa zuten. Trebeek, azkenik, urte berrirako “vision board” bana sortu zuten, norberak bere kezka, helburu eta proiektuak kartulinan islatuz.



Hurrengo goizean, eguzkiak izpiren bat oparitu nahi zigula ikusita, koxkor, oinarin eta trebeak herri ingurua ezagutzera abiatu ziren. Bakoitzak bere ibilalditxo propioa egin zuen. Koxkorrek, adibidez, erromeria ospatu zuten, txistorra eta sagar zuku eta guzti. Oinarinek bide okerra hartu eta uste baino gehiago lokaztu ziren. Argi ibili hurrengoan! Trebeak izan ziren zorte gehien izan zutenak, baserritar batek kalabaza bana oparitu zien eta. Azkarrak, berriz, Beizaman geratu ziren “Euskal zelebriti all stars” jaialdian. Pello Reparaz eta Mari Motots izan genituen, besteak beste, baita Twin Melody eta Iban Garcia ere. 



Arratsalderako etxeko goxotasuna aprobetxatu nahi izan genuen denok. Koxkorrak dotore jantzi eta urte zaharra ospatu zuten 12 lakasito jateaz batera. Oinarinek cookie goxoak prestatu eta “Eguberri on, amona” filma ikusi zuten. Azkarrek “nor da …ena?” jolastu zuten adarkideen ezaugarri eta gaitasunen inguruan hausnartuz. Trebeak eskulanetan ibili ziren buztina landu eta margotuz. 



Hurrengo egunean talde eguna izan genuen: euskal mitologia. Lau elementutan banatu ginen: ura, sua, lurra eta haizea. Mari, Basajaun, Lamiak, Mari Domingi, Galtzagorriak… gure mitologiako pertsonaia ezberdinak ezagutu genituen goizean zehar eta eguzkiloreak eskuratu genituen froga ezberdinak pasa ostean. Arratsaldean, elizak bisita egin zigun eta, arimak jokoan, elkarren aurka lehiatu ginen elementu guztietako ikurrak eskuratu nahian. Gaualdera, Olentzero izan genuen gidari. Kontatu zigunez, apaizak maltzur bihurtu ziren eta gure herriko izaki mitologiko batzuk akatzen ari ziren, eta beste batzuk hipnotizatu zituzten elizaren alde jarduteko. Guk, baina, goizeko eguzkiloreak eskura genituen eta horrekin aurre egin ahal izan genien elizaren gaiztakeriei. 



Halaber, irteera osoan zehar begiraleak haien arten pixka bat pikatu ziren: aurpegi txarrak, keinu itsusiak, lekuz kanpoko komentarioren bat edo beste… talde egunean guzti honek gainezka egin zuen glutenik gabeko makarroien platera lurrera erori zenean. Honek iskanbila handia sortu zuen begiraleen artean, ur pitxar bat bestearen gainean hustutzeraino. Honen aurrean, begirale batzuek Beizama utzi eta Donostira itzultzea erabaki zuten. Baina, ohartzerako, bueltan ziren: inuxente, inuxente!


Hori izan da aurtengo gabonetako irteera, aratztar maiteak. Urte berri ona opa dizuegu denoi. Han izango gara gu ere, urtarrilaren 10etik aurrera larunbatero elkartuko baikara.


Muxu handi bat, Aratz!


Aio! <3



 
 
 

Comentarios


bottom of page