2024ko Gabonak
- Aratz Gia Taldea
- 13 ene
- 3 Min. de lectura
Urte berri on, Aratz!!
Urte zaharra joana zaigu eta urte berria hasi. Zer eskatuko diozue 2025ari? Guk 2024ean bezain ongi pasatzen jarraitzea, gutxienez. Pixka bat gehiago bada hobe. Koxkorrak hortan adituak dira, haiei galdetu beharko diegu… Gabonak aspaldi utzi genituen atzean eta errutinara itzuli gara denok dagoeneko: ikastola, lana eta azterketak barra-barra. Baina tira, irribarretxo bat aterako dizuegulakoan, gaurkoan gabonetako irteerako laburpena dakarkizuegu.
Lasturren egon ginen abenduaren 26tik 29ra. Debako udalerriaren parte den bailara txiki-txiki bat da, ia zulo itxura duena. Eguzki izpi bat ere ez da sartzen neguan. Baina eguraldi polita eduki genuen, eta inguruko mendiek bista paregabeak eskeini zizkiguten.

Autobusetik jeitsi bezain laister hasi ginen jolasten. Izenak errepasatu eta aratztar berriren bat ere ezagutu genuen. Gero, betiko jolas klasikoak, baina aldaketaren batekin (semaforoak geroz eta kolore gehiago ditu!). Bazkaltzeko, bakoitzak etxetik ekarritakoa: batzuek bokata, besteek makarroi tupperra. Denetarik. Arratsaldean adarka bildu ginen ekintza ezberdinak egiteko.
Koxkorrek pista joku leihakor baten ondoren meriendarako sandwich xelebre batzuk prestatu zituzten. Oinarinek banderatxo jolasa moldatu eta korrika atzera eta aurrera pasa zuten arratsaldea. Azkarrak Lasturreko frontoiean aritu ziren eskalatzen, spikeball jolasten… Trebeak, azkenik, beraiek sortutako Cluedo pertsonalizatu batetara jolasten aritu ziren.
Gau horretan Argitxok berriz ere bisita bat egin zigun. Euskeraren mendia igo behar zuela azaldu zigun, gailurrean zegoen bere kriseilua berreskuratu nahi zuelako. Igotzeko modu bakarra zegoen: guk euskeraz hitz egitea. Irteeran zehar bakoitzak txaloen bitartez ebaluatu zuen bere burua Argitxori emandako bultzadaren arabera. Irteera amaieran, Argitxo triste geratu zen ezin izan zuelako bere kriseilua berreskuratu. Oraindik nahiko lan dugu aurretik. Ea hurrengoan!
Hurrengo goiza behe lainoz inguraturik hasi genuen. Honek ez zizkien baina koxkor eta trebeei inguruko mendietan ibilalditxo bat egiteko indarrak kendu. Oinarin eta azkarrak, aldiz, Lasturren gelditu ziren. Oinarinek nerabezaroko kezka eta gogoeta ezberdinen inguruan jardun zuten, tartean Epilepsia duen lagun bati nola lagundu ikasiz. Azkarrek plastilinarekin pertsonai eta objektu ezberdinak sortu zituzten. Zuek bai artistak!
Arratsalderako Koxkorrak eskulanak egiten aritu ziren. Gatza klarionaz margotu eta koloretazko olatuak sortu zituzten beirazko ontzietan. Azkarrek adarkide eta begiraleak kategoria ezberdinetan sailkatu zituzten. Batzuk arruntagoak (ze fruta naizela uste duzu?) eta beste batzuk sakonagoak (zeintzuk dira nire indargune eta ahuleziak?). Dinamika polita taldea indartzeko. Trebeek primerako cookieak prestatu zituzten, baita eskulantxoak ere. Erakutsi ziguten beren abilezia.
Hiruhileko honetan oinarinen abentura Oscar bat irabazteko moduko antzerki bat prestatzea izan da, eta azken ukituak prestatzen ibili ziren arratsaldean zehar. Gaubelan aktore lanetan aritu ziren eta beren talentua erakutsi ziguten guztioi. Mari Domingi, izeba pija, Pedrotxe… astoa ere ez zen falta. Ezta barreak ere. Bestalde, azkarrek Wannabe doinua hartuz abesti eta koreografia berezi bat prestatu zuten. Kameraman bat ere kontratatu zuten beren bideoklipa grabatzeko. Aupa azkarrak!

Talde egunerako, Just Dance, Minecraft, Wii Sports eta Pokemon taldeek bideo jokoen mundua bisitatu zuten. Goizean zehar gaitasun ezberdinak trebatu zituzten: punteria, adimena, sormena, energia… eta arratsaldean elkarren artean leihatu ziren gaitasun bakoitza praktikan jarriz. Helburua argia zen: trebeen dorreak garaitzea. Hotza egin arren, korrika hasita segituan berotu ginen denok. Olagarro eta Einstein kartak izan ziren protagonistak. Hori bai, buruhausteak ekarri zizkieten batzuei.
Gaubelarako, froga ezberdinak pasatuz Lasturreko aterpetxera sartzen saiatu ginen. Zezenak, kamerak, X izpiak… baten bat mailaren batean blokeatu zen, baina azkenean denok iritsi ginen “desagertutako” postre goxoa zegoen gelara. Inuxente! Horren ondoren, talde bakoitzak antzerki bana zeukan prestatua. Hauekin ere barreak ez ziren gutxi izan.
Beti bezela, espero baino azkarrago pasa zitzaigun denoi irteera. Motxila egin, etxea jaso eta berriz ere autobusera.
Muxu bana, Aratz!

Comments