Kaixo aratzkide! Aspaldiko partez, bueltatu da aratzeko bloga! Hemen irakurri ahalko dituzu aratzen egiten ditugun gauza dibertigarri guztiak: kanpak, irteerak, larunbatak, egunpasak… hori eta askoz gehiago. Orduan, atentzioz jarraitu gure web-orria, egin dugun eta egingo ditugun gauza guztien berri izateko.
Gaurkoan Argoteko kanpari buruz hitz egitera gatoz. Bai bai, Argoteko kanpa, Aratzek pandemia ondoren egindako lehenengoa! Urte eta erdian talde guztia batera ez egon ondoren, azkenik iritsi zen Uztailaren 20a, eta poz-pozik iritsi ginen denok Xanti tabernara. Familiari agur esan, denok busean igo, eta kaixo esan genien aspaldian ikusi ez genituen lagun guztiei.
Azkar batean iritsi ginen Argoteko herrira, eta beroa eta maskarillak arazo izan gabe montatu genuen gure kanpaldi polita. Denetarik zeukan! Txokoak, intendentzia, slackline-a, volleyball sarea, ping-pong mahaia… igerilekua ere bai! Behin dena montatu genuela, hoberena hasi zen: aktibitateak!
Koxkorrek zuhaitz oso berezi bat ezagutu genuen. Ez zen sagarrondo, intxaurrondo edota olibondoa, egunondoa baizik! Egunero-egunero, egunondoak esaten zigun zer egun mota izango genuen: fashion eguna, zonbien eguna, aratzen eguna eta askoz gehiago. Gainera, batzuetan, egunondoaren lagun onak zetozen bixitan, haien artean Mari jainkosa, Basajaun, galtzagorriak…
Oinarinek benetazko kanpaldi eskaut bat nolakoa zen deskubritu genuen. Egunero insignia ezberdin bat lortzen saiatzen ginen eta horretarako gauza asko ikasi behar izan genituen. Greenpeace insignia lortzeko animaliak salbatu genituen, inbestigatzaile insignia lortzeko hiltzaile bat aurkitu genuen eta estilista insignia lortzeko gure burua guztiz eraldatu genuen. Gaueko asanbladetan gure eguneko akzio ona aipatzen genuen, baita eskaut gorena aukeratu ere.
Azkarrek kanpa lasai-lasaia izan genuen, gure aktibitate gustokoenak egiten talde txikian. Ping-pong, splash, gitarreoa, karta-jolasak, kamixeta tailerrak, mahai-jolasak, eta azken minutuko raid sorpresa! Kanpa guztia eskatzen pasa ondoren, azkenean begiraleek baietz esan eta 24
ordu pasa ahal izan genituen bibak egiten. Edo gutxienez hori egin nahi genuen, baina euriak harrapatu eta kanpin-dendara lo egitera bueltatu behar izan ginen.
Trebeek, nahiz eta 2 bakarrik izan, kriston kanpa izan genuen, eta denetarik egiteko aprobetxatu genuen. Adar bakoitzarekin aktibitateak egin genituen, taldea ondo ezagutzeko, baita kordiekin eta gure kontuz ere bai. Sukaldaritza egin genuen adar bakarra izan ginen (a ze zortea!) eta honez gain zirko tailerra, splash futbola, badmiton eta volley txapelketa eta gauza askoz gehiago egin genituen.
Eta azkenik iritsi zen talde eguna, adar guztiak batzen garen momentua! Oraingo honetan Disneyeko gaizkile batzuekin ibili ginen gora eta behera, B.B.O.O. sindikatuan sartzeko konbentzitzen saiatzen. Ursula, Scar, Cruella eta beste guztiekin goiza pasa ondoren, konturatu ginen ez zirela hain gaiztoak, bihurriak baizik! Bere ipuinetan gaiztoak ziruditen horrela idatzi zutelako printze eta printzesek. Orduan, arratsaldean ipuin fabrika asaltatu genuen denok batera, ipuinen kontrola guk izateko, eta nahiz eta zaila izan, lortu genuen sartzea! Gauean beldurrezko gau bat izan genuen, baina oso ausartak izan ginen eta gaiztoak askatzea lortu genuen, eta eskertzeko, abesti bat kantatu ziguten.
Azken egunean, neke-neke eginak egon arren guztia jaso genuen , iristean baino garbiago utzi arte, eta etxerako busean sartu ginen. Zikinak, nekatuak, gosez, mila gauza galdu eta puskatu genituela iritsi ginen etxera, baina batez ere, hurrengo urteko kanpa ahalik eta azkarren iristeko irrikitan!
Comments